XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Esan gabe doa, Euzko Gogoa-k Eskolastika edo Neo-eskolastikaren lurretan zeuzkala bere pentsamendu filosofikoaren zuzterrak, baina garai haietarako hainbat apaizek, edo apaiz-gai izandako jarraile leialek egindakoa izanik harrigarri da hainbesteko sekulartasun hori.

Zentzu honetan orrialdez orrialde begiratu ez badut ere Jakin-en lehenengo urteak (1956-64) askoz eliztarrago agertzen zaizkigu, eta badut susmorik, alde horretatik, Egan-en paretsuan geratzen zitzaigula urte haietan Euzko-Gogoa.

Soziologiaz jaioturtetik bertatik kezkatu zen aldizkaria (45en bat orrialde); Historiaz ere berdin (27ren bat), eta Arte ederrak ere (musika, pintura...) nahiko zaintzen dira.

Ondoko urteetan beheraka etorriko dira sail horiek, Filosofia, ostera, gora doa, orrialdeak ugarituz.

Sailetan banatutakoa arakatzen bada, honela agertzen dira idazleen interesak.

Soziologiaz idatzi zuen saiatuena Argarate izan zen (Euzko-langileei oyuak, 1950 eta 1952).

Beste josulagun batek idatzi zuen Historiaz, Sarobe-k: Euskalerria Yesukristo'ren garaian Strabon'aren arauz (1950).

- Bi lan hauek lehenagotik jasotakoak, inondik ere.

Miarritzeko aleak ere aberatsak dira lan historikoetan: Heraldika (Kerexeta: Mazmarroiztia), Gipuzkoaren Historia (Lekuona), Foruak (Lekuona), Bibliografia (Altzola), Antxieta misiolaria, Etxahun (Etxaide), Kumran-go bilakuntzak (Gaztañaga), etab.

Bingen Ametzaga-k Plinio gazteari buruz jardun zuen (1951).

Erlijio alorrean Zaitegi-k berak egin zuen lan batez ere.

Geroko Bidalien Egiñak aldizkarian agertu zen parte on batez; lehenengo urteetako aurkibidean aparteko sail bat dago Idazti-Deunak dioena.

Arte ederretatik, Andima-k erabili zituen musikari zegozkion batzuk: Bach, Verdi, etab.; Kerexeta-k beste batzuk: Chopin, Erromantikoak, etab.; Etxaide-k eresi zaharrak.

Arte plastikoek ere izan zuten tokirik aldizkarian: Zubiaurretarrak (Zaitegi), arte abstraktoa (Errezola), etab.

Euskaraz estetikari buruz eman diren lanetatik jakingarrienetako bat aldizkari honetantxe agertu zen: Orixe-ren On eta eder, Egi eta eder, Antza eta eder (1951-55).

Bide horri jarraikiz, ikustekoa da Filosofiaz idatzitako lan-zerrenda, batzuetan pentsamendu klasikoa, eta modernoa ere, euskaraz eman nahiz, bestetan (bereziki Orixe-k) geure hizkuntzatik bertatik Filosofiara pasaiaz.

Zaitegi-k, Sofistak, Sokrate, Platon, Parmenide, Pitagora landu zituen; baina baita Heidegger ere; Nietzsche ere ez zen ahantzia izan.